Apirilaren
28an Irurtzunera joan ginen Luis, Aran eta Iker Sakanako martxa egiteko asmotan.
Goizeko 4:15etan Oñatitik irten, Irurtzunen txartela hartu eta 5:50 inguruan
gertu geunden irteerarutz joateko. Azken 15 egunetan euri asko eginda zegoen
eta ibilbidean zehar lokatza asko egongo zela bagenekien. Horrez gain
larunbaterako oso eguraldi txarra iragarrita zegoen, euri askorekin eta
tenperaturen jeitsierarekin eta kotxean gindoazela aterri egon zen arren,
goizeko 6:00etan irteera ematearekin bat hasi zen euria, eta nola hasi
gainera!!!
Luis eta Iker aurrera joan ginen martxa
erritmo bizi baten egiteko baina lehenengo km-tan bota zuen euriarekin eta
ibilbidean ikusi genuen lokatzarekin, beste era batera ikusi genuen mendi
martxa eta pixka bat motibazioa galtzeaz gain, lasaixeago hartu genuen. Aran
atzerago zetorren, hau ere busti bustita eta giro horrekin 55km egiteko animo
gutxirekin.
7.kilometroko Txurregiko igoera
gogorraren ondoren eguraldiak atseden bat eman zigun eta 2-3 ordutan euri gutxi
egin zuen. Txurregiko jeitsiera kontuz egin beharrekoa zen, harri guztiak
lokatzaz beterik zeudelako eta kilometro gutxi barru lehen anoa postura iritsi
ginen. Hemendik aurrera igoera lasai baina luze bat egin behar genuen San
Donatoraino eta tarte horretan Euskal Herriko erdigunea den puntutik pasa ginen.
San Donatoko ermitan "txartela" sinatu eta hoztu aurretik beheranzko bidea hartu
genuen. Hasiera nehiko lasaia zen baina ezkerretara hartzen den momentutik
jeitsiera asko gogortzen da, denbora gutxian Uharte Arakilera iritsiz. Hemen
salda beroa eta txokolate apur bat jan eta Aralargo San Migel ermitarako igoera
hasi genuen. Igoera oso polita da eguraldi ona dagoenean, baina euririk egin ez
zigun arren, paisaiaz gutxi gozatu ahal izan genuen.
Ordubete
inguruan iritsi ginen Luis eta Iker 32.kilometroan kokaturik zegoen San
Migel-eko anoa postura. Gazta eta txorixo apur bat jan eta hoztu aurretik
mugitzea pentsatu genuen. Puntu hontan banandu egin ginen, Luis gogor zegoen eta
aurrera egitea erabaki zuen eta Iker berriz atzerago zetorren Aranen
bila abiatu zen Uharte Arakil aldera berarekin azken 25 kilometroak egiteko.
Uharte eta San Migel arteko bide erdian elkartu ginen Aran eta Iker eta Kepa
Larrearen konpañian azken maldak igotzeari ekin genion. Azken 15minututan
gogotik hasi zen euria berriz ere eta ermitara bustita eta hotzak iritsi ginen.
Zerbait jan, arropak aldatu eta Madoz-erako jeitsiera hasi genuen. Euria gogor
ari zuen eta ze lokatza guneak pasa genituen!!! Lurrera ez erortzea edo zapatila
lokatzatan ez galtzea zaila zen eta goitik behera lokatzara errekak zeudenez oso
kontuz jeitsi behar izan genuen.
Madoz-era
taldetxo batean iritsi ginen Aran eta Iker eta bertan esan ziguten Trinidadeko
azken igoera moztu egin zutela jeitsiera arriskutsu zegoelako. Luisekin
telefonoz egon nintzen eta bera Trinidad igotzen ari zen, bera pasa zenean
oraindik moztu gabe zegoelako. Orduan guk azken igoera txiki bat igo eta berriz
ere Irurtzuneko frontoiruntza joan ginen eta Luis berriz 3. ermita igota iritsi
zen frontoira.
Azkenean
Luisek ibilbidearen 55km egiteko 9h50minutu behar izan zituen eta Aran eta
Ikerrek ibilbide moztuaren 51km egiteko 10h55minutu. Laburbilduz goiz jaiki,
eguraldi txarra izan eta lokatzaz beteriko ibilbide bat izan arren, hirurok
gustora amaitu genuen egindako ibilaldiarekin.
Egixa esan tremendako pereziakin noian, eguraldixa ikusitta,
taldeko beste inor ez etorrela ikusitta, eta aurreko asteko entrenamendua
ikusitta….baina bueno, mendixan km batzuk in biharrian nauen bai edo bai eta
giro honekin itteko era bakarra zan!
Ba ailau, aparkau, dorsala hartu, ta ixa beroketako asti
barik Irteeria. Tospikin barriketan urten neben, betiko mouan, arnasa baino
lehen izter puta honek estutu nostan. Hasiera hasieratik kargauta, goruzkuan
kargau eta beruzkuan apur bat deskargaitten xaten. Baina hau karrera bat da eta
jendia gorutz be fan doia, beraz etzan denbora asko pasau nere inguruan urten
ebein lagun danak aurrera fateko (Tospi, Uribe, Aizkorbe anaiak,…). Ni nerera,
edo ne iztarrak jareten dostanera! Poliki poliki berotualaz hobeto noian, gero
ta gustorau eta konturatu orduko pasaitten dia lenengo 8km-ak, gora bera gora
bera nahikua toboganekin. Hemen hasten da falta xakun 3 igoera potentetako
lehena. Bertan Aizkorbe anaiak eta Uribekin juntaitten naiz eta barriketan
igoeria amenuaua itten xaku. Igoera hau da tipiko argazkikua, soka fijo
batzukin eta igoera oso oso potente bat. Lasai lasai barriketan goiko ermitara
ailaitten gara eta bajadan Mikel eta Uribe atzian geatuten dia. Bukaeran Tospikin bat itten dot eta
beakin barriketan km batzuk jarraiketan dot. Bigarren mendixa igoten
hasi orduko, Tospi berriz aurrera doia, ne aldian samur doia betik gora, ta ni
nerera lasai lasai. Gora ailaittian berriro juntaitten ga, baina berutzkuan
atzian geatuten da, bestiak beste ni gustora noia eta zela 2. mendi gainian km
18 pasau dun, apur bat estuketako ordua be bada ta! Goitik bera ia nahiko ritmo
polittian bajaitten naiz eta enterau orduko 3. igoeran nau, hau sela azkena dan
betik gora be emun itten xat, eta azkenengo bajadan oindiok eta geixau! Jende
dexente pasaitten dot goittik bera, batez be azken bajada honetan. Bestiak beste 4. neskia, aloñan 3.
in ebena, eta ne artian pentsaitten dot enoiala hain hain atzian. Akordau
orduko asfaltuan sartu ta helmugara, azkenian 3:35 eta 66. postua, baina bueno
hau gutxiengua da, importantiena beste 30km sakura, eta sensasino nahiko onakin
gainera. Oso gustora bukatu neben, de menos a mas fanda, eta gustora,…errekan
sartu belaunetaino, lokatzaia kendu ta dutxa bero bat artzera berotan
sartzeko!! Puffff, malas noticias, eztau ur berorik, barrakoi baten ur hotzakin
dutxau bihar da! Burura datorren lenengo gauzia ALOÑAKO IGOERA, oñatiko plazia,
polikiroldegiko ur berua ta dutxak, ondorengo saldia eta txoixo bokadilua…..en
fin, es lo que hay, dutxau, erropa sikua jantzi ta zerbait jatera haber berotan
sartzen naizen!! Aspaldiko lagunekin apur bat eon zeoze janaz berotan sartzeko
baina ni por esas, beraz kotxia hartu ta etxera bueltaitten naiz entrega de
premios eta ezer ikusi barik. Karrerian konklusinua argixa da: karrera politta,
organizazino ona, baina batez be fetxa eta km idealak, batez be jendia
aizkorrira begira dabilelako ia!! Aloñan hartzen dun besteko lana eta bialekuak
beste inungo karreratan eztiala hartzen, beste inun estot ikusi hainbeste
markautako rekorridua, hainbeste laguntzaile kruzetan, bukaerako luntxa,abituailamientuak, ambientia, …gero ta
garbixau dakot, inguruko karreratako antolakuntzarik onena dakula Aloñako
Igoeran, failaiten dauena rekorridua eta fetxia dala!
Joan den Igandean izan zen Oñatin Aloñako VIII. Igoera. 200 korrikalari izan ziren irteeran eta aurten Mountain Running International Cup zirkuitorako puntuagarria zenez lasterketa, maila handia izan zen irteera puntuan, euren artean Agusti Roc, Ionut Zinca, Walter Becerra edo Michel Rabat. Bertan izan ziren Xabier Iñurritegi, Jexux Odriozola, Unai Agirrebalzategi, Joxe Mendiola eta Igor Guenetxea taldekideak ere.Iaz bezela Paramontaña lasterketa ere egin zen eta 13 lagun elkartu ziren Belarretik salto egin nahian.
15 egunetan eguraldi txarra izan ondoren igandea nehiko eguraldi onarekin argitu zuen eta goizeko 9:00 aldera hasi ziren inguratzen korrikalariak dorsalaren bila. Beroketak egin eta irteera kontrolaren ondoren goizeko 10:30etan eman zitzaion irteera lasterketari Oñatiko plazan eta era berean 10:35ean irten ziren Urtiagainetik parapenteko lasterkariak.
Irteeratik Ionut Zincak abantaila handia hartu zuen, lasterketa irabazteko bere asmoa erakutsiz. Atzetik Walter Bezerra eta Agusti Roc zituen, baina 4.kilometroan zegoen Urtiagaingo anoa postura iritsi orduko tarte handia ateratzen zien errumaniarrak. Aloñako gurutzean errekor berria ezarri zuen 48min25seg.-ko denborarekin eta ibilbidean zegoen lokatzak laguntzen etzuen arren, jeitsiera azkar baten ondoren helmugan ere probako errekor berria ezarri zuen 1h11min34seg-rekin. Bigarren postuan sailkatu zen Walter Becerra eta hirugarren Agusti Roc. Emakumeetan Nerea Amilibia izan zen garaile 1h32min39 seg-rekin eta Azara Garcia eta Montse Vazquez-ek lagundu zien podiumean.
Parapenteko lasterketan albisterik onena, eguraldia lagun parapentearekin salto egin ahal izan zutela izan zen. Motxilarekin Aloñako gurutzeari buelta eman ondoren berriz ere Belarrera jeitsi ziren eta bertan parapentea ireki eta aireratu ziren. Berezanoko zelaietan lurra hartu, dena jaso eta korrika Oñatiko plazara joan behar zuten eta 1h15min 56seg-ko denborarekin Dani Tena izan zen irabazle Inazio Aramburu eta David Martin-en aurretik.
Taldekideen artean Joxe Mendiolaren 11. postua aipatu behar da 1h24min14seg-ko denborarekin eta gainera beteranoen mailan bera izan zen irabazle. Atzeraxeago sartu ziren Jexux Odriozola (1h35min11seg), Igor Guenetxea (1h36min58seg), Xabier Iñurritegi (1h40min15seg) eta Unai Agirrebalzategi(1h40min 35seg).
Apirilak 15ean izan zen Berako mendi lasterketa eta eguraldia lagun ez izan arren, jente ugari gerturatu zen bertara. Bertan taldekide asko izan ginen: Unai, Peitto, Luis, Iker, Joxe. Aste guztian eguraldi txarra izan ondoren astebururako edurra egingo zuela iragarri zuten eta Oñatitik Berara irten aurretik, Belar eta Aloña inguruak zurituta ikusi genituen.
Berara bidean zaparrada ugari bota zituen eta goizeko 8:30 inguru ziren bertara iritsi orduko. Dorsala eta oparia hartu eta aldatzera joan ginen. Egiten zuen hotzarekin lehenengo burukomina zer erropa jaztea zen eta nik uste ia denok ondo janztearen apostua egin genuela. Lasterketa irtetzeko 10 minutu falta zirela, ibilbidean aldaketa batzuk zeudela esan ziguten, eta distantzia mantendu egingo zen arren, Larruneko azken igoera ez zela igoko, harriskutsua baitzen.
Manttaleko aldapa gogorretan berotu ginen denok eta Ibardinerako jeitsiera berriz,kontuz jeitsi beharrean izan ginen. Hemendik beste igoera gogor baten ondoren Larrun txikira bideratu ginen lokatza eta urez beteriko sendetan. Inguru hauetan izan genuen eguraldi txarrena trumoi, oinaztu, txingor eta haize hotzarekin, baina esan bezala Larrunerako azken aldapa falta zenean beruntzako bidea hartu genuen. Egia esan igotzeko bezala zegoen, ez bait zegoen elur askorik, baina leku harriskutsua da 500 korrikalari bertan sartzeko eta erabaki egokia hartu zutela esan behar da.
Helmugara eramango gintuen jeitsiera luzea eta nahiko harriskutsua zen eta bakoitzak ikusten zuen zenbat harrisku hartu. Helmugara inguratzean konturatu ginen ibilbidea aldatzeaz gain, moztu ere egin zutela eta azkenean 18,5 km-tan utzi zuten.
Esan bezala Oñati Trail-en lehen podiuma izan zen, Joxe Mendiolak beteranoen mailan bigarren sailkatzea lortu bait zuen eta sailkapen orokorrean ere 20. postuan sailkatu zen.
Oñatian gehiago ere izan zen bertan, euren artean Lukene Igartua eta Marije Zubizarreta.
Sailkapen nagusiari dagokionean Didier Zagok irabazi zuen lasterketa Aitor Osa eta Oier Ariznabarretaren aurretik eta emakumeetan Oihana Azkorbebeitia izan zen garaile Laura Sola eta Nerea Amilibiaren aurretik.
Abenduan izan genuen proba honen barri eta 4 oñatiar inskribatu ginen 80 km-ko lasterketara, Aran, Iker, Maite eta Igor. Paris inguruan mendi handi gutxi dagoen arren, ibilbidea inguruko baso eta parkeetatik igarotzen da. Irteera Saint-Quentin en Yvelines-en kokatua dago eta gora behera asko dituen ibilbidearen ondoren helmuga Eiffel dorrearen lehenengo pisuan dago. 1500 metro positiboko desnibela du, 13 orduko denbora limitea eta 2000 korrikalari izan ginen irteera puntuan.
3 hilabetetan gora-behera asko izan dituen prestaketaren ondoren Martxoaren 23an abiatu ginen Biarritzetik Parisera. Behe lainoagatik ordu eta erdi atzeratu zen hegazkinean Pariseko aireportura iristean bertako tenperaturak arreta deitu zigun. Bagenekin 4 egunetarako eguraldi ona iragarrita zegoela, baina garai hauetarako bero egiten zuela iruditu zitzaigun. Ostiraleko eguna nekagarria izan zen, lehenengo hegazkina, gero trena eta azkenik metroan, eguardirako iritsi ginen gure hotelera. Bazkalostean eta atseden baten ondoren Eiffel dorrearen azpian kokaturik zegoen karpa handira joan ginen metroz. Dorsala hartu, azken dudak galdetu eta bertako postuetan erosketaren bat egin ostean goiz joan ginen afaltzera, ahal bezain laster motxila gertatu eta atseden hartzeko.
Larunbatak giro bikainarekin argitu zuen eta irteera eguardiko 12etan zen arren goizean goiz jaiki ginen indarrak hartu eta irteerarako bidaia egiteko. Lehenengo metroz, gero trenez eta azkenik autobusean ordubete inguruan iritsi ginen irteera puntura eta 10:30ak inguru zirenez ordu eta erdi inguru genuen zerbait jan eta arropa egokia aukeratzeko. Arropa aldetik ez zegoen dudarik, fraka motzak eta niki manga motza. Motxilan ere aldatzeko arropa gutxi, iluntzean ere ez zuela hotzik egingo pentsatuz. Hala ere motxilak bere pisua hartzen du jana, ura eta derrigorrezkoak diren gauzak sartuta. Nahi ez genuen erropez beteriko motxila antolakuntzari eman eta irteera gunera sartu ginen 11:40ak inguruan. Nahiko aurrean postu bat hartu genuen gero irteeran izan zitezkeen arazoak ekiditeko eta azken estiramentuak eginez ordua noiz iritsiko egon ginen.
Eguerdiko 12etan puntuan eman zitzaion irteera lasterketari eta hasieran zelai zabal bat zegoenez, jende ugarik aurreratu gintuen. Buelta txiki bat eman ondoren berriz ere irteeratik pasa ginen eta golf zelai baten ondotik pasatzen den eta laku haundi bat inguratzen duen pista estu batetik joan ginen. Lehen 10 km-ak lauak ziren eta 22. kilometroan kokaturik zegoen abituailamenturarte ere ez zegoen gora behera askorik. Korrika egiteko kilometro aproposak ziren eta denbora limiteari aldea kentzeko egokiak, baina bestalde erritmoz pasatzearekin kontuz ibili beharrekoak. Hasieran laurok batera irten ginen arren, lehendabizi Maite eta Igor aurreratu ziren eta ondoren Aran eta Ikerrek harrapatu eta pixka bat aurreratu ginen.
22.kilometroan kokaturiko Buc-eko abituailamentura 2h 30min inguruan iritsi ginen laurok eta 1500 postuaren inguruan genbiltzan. Giro bikaina zegoen bertan, jente ugari, musika talde batek giroturiko musika eta jan eta edana. Motxila urez bete eta oinez joan ginen pare bat kilometro aldean genuen sandwicha janez. Igor eta Maite zertxobait atzerago zetozen, baina minutu gutxi batzuk.
Lasterketaren gakoa bigarren parte hontan zetorren. 22. kilometrotik 55.eraino ez zegoen abituailamentu posturik, 45.eko ur postu bat izan ezik eta gainera ibilbideak gora behera asko zituen. Bero handia egiten zuen eta zuhaitzek eguzkitik babesten gintuzten arren tenperatura altuak asko nabaritzen ziren eta ur asko edan beharra zegoen. Ibilbidea ere asko gogortu zen, perfilak aldapa asko ez dagoela jarri arren eta desnibel positiboa handia ez izan arren, aldapa gogorrak zeuden, motzak baina gogorrak. Igoerak oinez egiten genituen eta jeitsierak korrika. Jada beroaren eragina nabaria zen eta behar baino azkarrago irtendako korrikalari asko ikusten ziren bide izkinan jarrita.
6h eta 40 minutu inguruan iritsi ginen Aran eta Iker, Meudon-en 45. kilometroan zegoen ur postura. Jende asko zegoen bertan atseden bat hartu eta zerbait jaten. Guk ere 10-15 minutu egin genituen indarrak hartzen, oraindik 35 km gelditzen baitziren. Atsedena hartu eta irtetzera gindoazela bestaldean Maite eta Igor zeudela ikusi genuen, ehun bat korrikalaritik gora egongo ginen bertan. Beraiek indarrak hartu bitartean guk aurrera jarraitu genuen denbora gehiegi galdu barik. Meudoneko obserbatorio hau oso leku polita zen, bista politekin eta asko falta zen arren lehenego aldiz ibilbidean Eiffel dorrea ikusi genuen.
Meudonetik irten eta 10 km genituen hurrengo abituallamenturarte, paisaje ederraren ondoren berriz ere basoan sartu ginen. Kilometro hauetan aldapak gutxitu egin ziren eta erritmo oso onean joan ginen, aldapak oinez eginez baina bestela ahal zen tarte guztietan korrika eginez. Eguzkia bazijoan eta basoan iluntasuna geroz eta nabarmenagoa zen. 7h eta 40minututan, hau da, arratsaldeko 19:40an iritsi ginen frontala jarrita Chavilleko abituallamentura. Bertan jente asko zegoen baina guk 45. kilometroan ondo jan genuenez ura hartu, platano bat jan eta aurrera jarraitu genuen. Gaua zen arren ez zuen hotzik egiten eta momentuz erropa gehiagorik ez jaztea pentsatu genuen. Maite eta Igor 10 minutu beranduago iritsiko ziren bertara.
Hemendik aurrera ibilbideak aldapa batzuk zituen arren, aldapa gogorrak gutxitu egin ziren eta erritmo bizian jarraitu genuen aurrera. 63.kilometroan parke haundi batean sartu ginen eta 67.ean iritsi ginen azkenengo abituallamentu postura, Domaine national St-Cloud-era. Bertan 9h eta 25minutu generamatzan eta oso gustora, hanketan 67km eraman arren. Postuari dagokionean atzetik aurrera gindoazen eta 22.kilometroan 1500. bagindoazen ere, karrera amaitzeko 13km faltan 1197.ak ginen. Hemen era ura bete, Coca-Cola edan, zerbait jan eta aurrera joan ginen, Sena ibaiaren bila. Igor eta Maite 9h eta 55 minutuan iritsi ziren eta laurok geunden lasterketa amaitzeko bidean, denbora limitearekiko tarte handiarekin eta gehiago ateratzen. Jada Eiffel dorrea argiztaturik zegoen eta gero eta gertuago ikusten genuen.
Beste 3 bat kilometrotan parke hontatik irten ginen eta Sena ibaiaren ertzera iritsi ginen. Jada 70. kilometroa zen eta falta ziren azken hamar kilometroak asfaltoan izango ziren. Sena ertzean itsasuntzi asko zeuden eta bertan festa ugari eta gu dorsala bularrean eta frontala buruan dugula! Batzuk asko animatzen zuten eta beste batzuk arraro begiratzen ziguten. Indartsu iritsi ginen azken kilometrotara eta korrika dexente egitea lortu genuen; poliki baina gelditu gabe. Helmuga gero eta gertuago ikusten zen; baita Pariseko zubi dotoreak ere.
10h 54minututan, gaueko 22:54ean, Pariseko Eiffel Dorrearen aurrean geunden eta animo asko jasoz eta bertan dagoen podium batetik pasaz, dorreak dituen 4 hanketako batera bideratu ginen. Jendeak benetan animatzen zuen eta jada helmuga gure eskutan zegoen, baina dorreak lehenengo pisurarte dituen 300 eskailerak igotzea falta zen. Poliki-poliki igo genituen eta 5 minututan goian geunden, argiztaturiko Eiffel Dorrean, alfonbra gorriaren hasieran eta 80 kilometroko ultratrail bat bukatzear. Gozatzeko momentua zen eta azkenean 10h 59 min 08 seg egin genituen. Argazkiak atera, "finisher" oparia hartu eta momentuaz gozatu genuen.
Bitartean Maite eta Igor Sena ibaiaren inguruan zebiltzan. Gaueko 23:38an Eiffel dorrearen oinetara iritsi ziren eta beste 5 minututan helmugara. Guztira 11h 44 min 11 seg behar izan zituzten ibilbidearen 80km egiteko.
Laurok argazki batzuk atera eta igogailuan beherako bidea hartu genuen. Gaueko hamabiak inguruan antolakuntzak jarritako karpan afaldu eta ondoren hotelerako bidea hartu genuen metroa itxi aurretik.
Zergatik tranpaz beteriko ibilbidea? Hasteko lehen 2 kilometrotan zelaian zeuden zuloengatik, orkatila guztientzako arriskutsuak. Bestalde lehen 22 km-tan oso kontuz ibili behar zen jarritako erritmoarekin. Korrika egiteko oso aproposak ziren, baina burua hotz mantendu behar zen 80 kilometrotako lasterketa zela kontutan hartuz. 35-45 kilometroen artean korrikalari asko ikusi genituen bide bazterrean eserita, etzanda edo oso erritmo motelean oinez ibiltzeko ia indarrik gabe. Azkenik perfilak laua zirudien arren eta 80 kilometrotarako 1500 metro positibo gutxi diren arren, ibilbidearen parte batek zuen gogortasuna aipatzekoa da. Lehen 22 km-ak eta azken 12ak lauak ziren arren, 22.etik 55.erako zatia gogorra zen, aldapa motzak baina gogorrak ziren eta denbora guztian erritmoa mozten zuten.
Parisera etortzearen helburua beteta zegoen eta laurok arazo fisiko txikiren bat genuen arren, pozik eta gustora geunden egindako lasterketarekin. Igandea eta astelehena Parisen turismo apur bat egiteko aprobetxatu genuen eta astelehen iluntzean berriz bueltan etorri ginen; lehendabizi Biarritzera eta ondoren etxera.
Euskal Herriko mendi martxen egutegia aurrera doa eta gaur Martxoak 31, Altsasun 700 mendizaletik gora elkartu gara Hiru Mendi Zerrak mendi martxa egiteko asmoz. Ibilbideak 48 km zituen eta irteera ordua goizeko 7etan izan da.
Irteera puntuan izan gara Luis, Argider (Mafate) eta Iker. Hotza egiten zuen goizeko ordu hortan eta ilun zen oraindik, baina hasierako pista batzuk pasa orduko argitu du eta Urbasaruntzako aldapetan hasi orduko berotu gara. Oñatiak ugari ikusi ditugu hasiera hortan, Larrea anaiak, Urze, Zugasti, Alberto Larrea, Jokin Garai, Urdanpi,.... eta baita urteroko martxetan ikusita ezagutzen ditugun hainbat lagun.
Mendi martxa izan arren, azken urteetan garbi ikusten ari gara gero eta lasterketen antz gehiago dutela, bakoitza bere erloju eta denborarekin eta ahalik eta denbora gutxienean ibilbidea burutu nahian korrika eginez. Gaur ere irteera eman orduko korrika irten da talde handi bat. Gu hirurok oinez urten dugu nahiz eta aldapak hasi orduko erritmo bizia jarri dugun eta Urbasa inguruetan jada geu ere korrikaldiak eginten hasi gara. Oso polita izan da Urbasako inguru hori, zelai berdeak eta pagadi handiak txandakatuz. Urbasako mendirik altuena den Bargagainetik ere pasa gara eta lehen anoa postua pasa eta beste pixka bat igo ondoren, jeitsiera gogor batekin Ziordiara jeitsi gara.
Ziordiatik eguneko bigarren mendiak itxaroten zigun, Kipularrek. Igoera gogorra eta jeitsiera luze baten ondoren Sorozarretako anoa postura iritsi gara 32.km-an. Bertan indarrak hartu ditugu urdaiazpikoa tomatetan pintxo bikainak janez eta atseden bat hartu ondoren bidean jarraitu dugu azken txanpari ekinez. Igoera motz baina gogorrekin Balankaleku gainera igo gara. Bertako azken aldapa batzuek Bakueko gasbideeak gogorarazi digute. Bertan ur postu bat zegoen eta bertako gizonak dena behera zela esan digun arren igoera batzuk gelditzen ziren oraindik, batez ere Intxusburuko azken aldapa. Hemendik bai bideak berutzako joera gogorra hartu du hasieran eta azken kilometroak nehiko lauak izan dira.
Gustora iritsi gara hirurok herriko plazara 7h09 minutuko denborarekin, urteko lehen mendi martxa baitzen guretako eta 48 km ondo burutu ditugu. Oraindik gogor prestatu beharra dagoela eta mendi asko zapaldu behar dela jakin arren, sentsazio onekin bukatu dugu.
Parisen 4 egun pasa ostean etxean gara berriro, eta Ecotrail-ean parte hartu dugun 4 taldekideak gustora etorri gara egindako lasterketarekin. Giro bikainarekin eta baso zoragarrietatik pasatzen zen ibilbidea igaro ondoren denok lortu genuen Eiffel Dorreko lehenengo pisuan kokaturik zegoen helmugara iristea. 80km-ko ibilbide luzea, guk ezagutzen ditugun mendiekin alderaturik oso desberdina eta desnibel txikia izan arren ibilbide gogorra. Hurrengo egunetan idatziko dugu bertako kronika bat eta argazki batzuk ere jarriko ditugu.
DONOSTIA HONDARRIBIA TALAI BIDEA 31KM
Bestalde igande honetan Donostian irten eta Hondarribin amaitzen den Talai Bidea lasterketa jokatu zen. Kostaldetik doan 31 km-ko ibilbide hau egiten taldeko Unai eta Xabier izan ziren. Giro bikainarekin paisaia ederrez gozatu ahal izan zuten Ulia eta Jaizkibel inguruetan. Walter Becerra eta Leire Elosegi izan ziren irabazleak.
Datorren larunbatean Martxoak 24, Parisen 5. Ecotrail-a ospatuko da. Parisen mendi gutxi dagoen arren, inguruetan mendi txiki, baso eta parke ugari daude eta hauetan zehar antolatu dute 80kmtako ibilbidea. Lasterketak 3 proba ditu, 30km, 50km eta 80km-koak eta hiruren artean 5000 partaidetik gora elkartuko dira irteera puntuan.
Proba nagusia larunbatean eguerdiko ordubatean hasiko da Saint Quentin-en-Yvelines -en, hau da Paris kanpoaldean eta 1500 metroko desnibel positiboa eta 80 kilometroko ibilbidea egin ondoren Paris erdialdean amaituko da. Ibilbide gehiena inguruko basoetan eta parkeetan igarotzen da eta Versailles-en ingurutik ere pasatzen da. Gehienez 13 orduko denbora izango da ibilbidea egiteko eta tartean ere denbora kontrol guneak izango dira korrikalariak kontrolatzeko. Denbora horren barruan iristen denak, karrera batean ikus daitekeen helmuga ederrenetako batez gozatzeko aukera izango du, Torre Eiffel-a. Izan ere helmuga Torre Eiffel-aren lehenengo solairuan kokatuta dako eta lasterketaren azken partean ehundaka eskailera igo behar dira.
Bertan izango gara 4 Oñatiar, lau taldekide, Aran, Iker, Maite eta Igor. 80 km-ko proban parte hartuko dugu amaitzeko erronkarekin. Bihar ostirala goizean goiz irtengo gara Biarritz-tik Parisera eta larunbatean lasterketa egin ondoren, beste egun pare bat izango ditugu hiria ikusteko. Ea " finisher" bezala bueltatzen garen.
Martxoko hiru astebukaera hauetan hainbat mendi lasterketa ospatu dira. Ultra trailen artean ere Transgrancanaria lasterketa ospetsua jokatu zen eta hemen laburbilduko ditugu emaitza ezberdinak.
Aurten ere urteroko legez heldu da Aloñako Igoerako azken txanpa. Urteroko legez, jendea gogotsu dabil, ahalegin guztia egiten gabiltza dena bikain atera dadin eta korrikalari guztiak goza dezaten gure lasterketaz. Egia da ibilbidearen gainean denetik entzun behar izaten dugula….batzuk motza dela, gogorragoa beharko lukeela, beste batzuk berriz jaitsiera bortitzegia dela, inoiz baino agujeta handiagoak izan zituztela iaz,….
Nik uste sarritan lasterketak ibilbidearen luzera eta altuera metatuagatik sailkatzen ditugula gogortasun mailan, eta hori ez da guztiz horrela. Ni neuk mota guztietako lasterketak egin izan ditut, krossak, asfaltoa, maratoi, erdi maratoi, ultra, ironman, eta bestelakoak ere, eta benetan diot lehen aipaturiko luzera, altuera metatu horri, 3. faktore bat erantsi behar zaiola: mentalidadea.
Askoz gogorragoa izan daiteke Aloña bezalako lasterketa baten guztia ematera irtetzea, maratoi bat lasai lasai bukatzera joatea baino. Muskularki egin beharreko esfortzua ikaragarria da, askotan ez gara konturatzen baina halaxe da.
Haserako urteetan geure artean ere hitzegin izan dugu honen gainean, ia guztiok lasterketa luzeen zale izanik, ibilbidea luzatu eta guretako gustoko izango litzatekeen ibilbidea egitea. Baina horrekin Aloñako Igoerako espiritua galduko litzateke, Aloñako Igoerak ezer berezirik badu, bertan sortzen den giroa da eta! Zegama Azkorri-n bakarrik ikusi izan dut horrelako jendetza korrikalariei “pasiloak” egiten, igarotzean ileak tente jartzen zaizkizun bide horiek. Aloñan ibilbidea motza eta zati batean igoera eta jaitsiera bera izanik, jendea hor pilatzen da eta korrikalaria denbora guztian jende artean animoak jasoz doa.
Bestalde, ibilbidea motza izanik, lasterkari berriak eta mendian probatu nahi duen jendearentzako aproposa da, gehiegi estutu gabe ibilbidea egin ahal izateko. Lasterketa sortu genuenean hori baitzen helburu nagusia, jendea lasterketa mota hauek probatzera animatzea.
Baina hasierako helburu hau alde batera utzi gabe (badakit aurten bertan Oñatiar neska talde polit bat gogor entrenatzen dabilela bertan debutatzeko), Aloñako Igoerak beste aurpegi bat ere erakutsi digu, inork ezin du mendiko lasterketak egiten dituela esan Aloñan debutatu gabe, ez dut beste inon ikusi gorputzaren limiteak hain puntara eramaten, hanka azpiak azal gabe gorputzaren zama eutsi nahi horretan, gihar guztiak aste guztirako minduta, bihotza ahotik atera beharrean,…Irabazlea bera ere helmuga zeharkatu eta lurrera erortzen ikustea…..ez da edozein lasterketetan ikusten (Ionut Zinca bera). Aloña, debutatzen dutenen paradisu edo gehiegi estutzen dutenen infernu bilakatu daiteke, hemen ez dago deskantsurik, ez dago arnasa bueltatzerik, ez dago “km de relleno”-rik, hemen guztia da denbora ateratzeko ibilbidea, gogorrenak luzitzeko ibilbidea, eta ahulenak infernuko ateetan sentiarazteko ibilbidea!!
Aurtengoan gainera Mountain Running International Cup-eko proba izanda partaidetza haundiagoa espero da; 300pertsonako kupoa azkar betetzeko arriskua izango da, eta polita izango da Zinca, Becerra, Etxegarai, Olabarria eta beste hainbat izen ezagun, atzerritar hoberenekin leihan ikustea.
Parapente lasterketa ere iada martxan da, eta aurreko urtean ez bezala aurten luzitzeko aukera izango dutela espero dugu .
16km gutxi direla iruditzen bazaizkizu,….zatoz infernura eta ikasiko duzu 16km sugarren artean luze egin daitezkeela!!