2012-05-12

APUKO ULTRA TRAIL 83 KM - Ikerren Kronika

Apirilak 5 larunbata goizeko 6etan eman zitzaion irteera lehenengo Apuko Ultra Trailari. Zaramiloko plazan 150 bat korrikalari gerturatu ginen, Bilbo inguruko mendiak zeharkatzeko gogoz. Irteera oso goiz zenez aurreko gauean gerturatu ginen Luis, Peitto, Argider eta ni Zaramillora Ardiderren autokarabanan lo egiteko asmoz. Gaueko 23:30ak inguruan iritsi ginen eta autokarabana eta furgoneta ugari zen bertan eta denborarik galdu gabe lotara joan ginen, iratzargailua goizeko 4:30etan jarrita, bihar arte esan beharrean, geroarte!!!

Goizean jeiki eta dorsal banaketara inguratu ginen eta ibilbidean izango zen aldaketaren berri eman ziguten. Teorian 83 km zituen eta 4484 metroko desnibel positiboa, baina "halimoches" izeneko txori bat dela eta 5 km moztuko zutela esan ziguten. Lagun ugari agurtu genituen, euren artean Mutrikuko Iñaki eta Nekane, Beasaingo Valdi eta Eibarko Edu eta gero gosaltzera joan ginen. Indarrak hartu, arropak prestatu, motxilan material egokia sartu eta irteera puntura joan ginen. Goizeko 6:00etarako bost minutu falta zirela hasi zen euria baina laister geratu zuen eta eguraldia ez zen aitzakia izan lasterkariendako eta Oskar Nietoren hitz batzuk entzun eta irteerako "bozina" triste bat entzun ondoren eman zitzaion irteera lasterketari. 
Irten orduko goruntzako bide estu bat hartu genuen eta aurrean talde txiki bat egin zen faboritoekin. Zertxobait atzerago zihoan Argider eta metro batzuk atzerago ni. Luis eta Peitto metro batzuk atzerago lasaiago irten ziren. Irteeran gutxi ginenez oso sakabanaturik egin genituen lehen kilometroak eta frontalaren laguntzarekin bakarrik egin nituen lehen bost kilometroak. Pinudi batean gora joan ginen lehenengo eta eguna  argitu zuenerako zelai berdetan sartu ginen. Korrikalariok konturatu ginen 10 begirekin korrika egin behar zela  markak ikusi ahal izateko, nehiko gutxi bait zeuden. Igoera gogor baten ondoren Gongeda tontorrera iritsi ginen eta beste jeitsiera motz batekin 10.km-an zegoen lehen anoa postura. Bertan 15 bat lagun elkartu ginen eta jaten nenbilela, sutan zetorren Argider etorri zen atzetik. Aurreko taldean zihoala markak falta zirelako galdu egin ziren eta arrazoi osoz haserre zetorren. Gero kontatu ziguten lasterketen aurka dagoen norbaitek zintak kendu zituela. 

7 laguneko talde bat egin genuen eta bertan batek GPS-a zeraman ibilbideko track-arekin eta haren laguntzaz bide egokia jarraitzea lortu genuen, metro batzuk alperrik egin genituen arren. Igoera gogor baten ondoren 1000 metro inguru dituen eta 20.km-an kokaturik dagoen Ganekogortako gainera iritsi ginen. Giro ederra zegoen bertan  eta Bilbo hiria  eta itsasoa ikusteaz gain, lasterketan izango genituen mendi gogorrak ikusi genituen. Ondoren 6 km-ko jeitsiera gogorra genuen eta egia esan taldearen erritmoa jarraitzeko lanak izan nituen, metro batzuk galduta joan bait nintzen. Markak falta zirela eta ez nuen atzean gelditu nahi eta aurrerago beste igoera txiki baten eta jeitsiera baten ondoren 30.km-ko anoa postura iritsi ginen. Hemenik aurrera bidea hobeto markatuta egongo zela esan ziguten eta nik erritmoa jeitsi eta lasaixeago joatea erabaki nuen, 50km falta bait ziren eta taldean ni baino gogorrago zihoazen Argider edo Gps-a zeraman Guillermo Pinillos Zegamarra bait zeuden besteak beste.

Beste igoera gogor batekin Galarragako tontorrera iritsi nintzen, egian esan muskularki arazo txiki batzuekin, baina erritmoa jeitsita gustorago nihoan eta jeitsiera luze batekin 45.km-an kokatutako anoa postura iritsi nintzen. Hemen makarroi platerkada bat jan eta indarrak hartu nituen eta irtetzeko prest nengoela Mutrikuko Iñaki iritsi zen. Ni aurrera joan nintzen berak jaten zuen bitartean, baina aurrerago elkartuko ginelakoan. 56.km-an zegoen Eretzako tontorrera inguratu ginen pista batean km asko eginez eta jada amore emandako korrikalari batzuk ikusiaz. Ikusgarria Eretzarako azken aldapa!!! "cortafuegos" erako aldapa gogor bat, ikusi eta ez sinestekoa!

Jeitsiera motz batekin 57. kilometroko anoa postura iritsi ginen, jende dexente zegoen etxabola batera. Lasai    eta dexente jan eta edan nuen eta berriz ere hiru igoera motz baina gogor igo genituen. 10 minututan igotzeko aldapak ziren, baina lasterketaren altuera hauetarako oso gogorrak. Hirugarren tontorretik jeitsiera luze bat genuen piñuditan zehar eta jeitsiera hontan harrapatu ninduen Amorotoko Iñakik. Hau poza, egia esan kilometro asko egin nituen bakarrik eta lagun baten konpañia asko eskertzen da. Jeitsiera hau eginda, teorian Apukoko azken igoera bakarrik falta zen, baina etzen beingoan iristen igoera hori! Tontorraren azpian egon ginen eta hala ere mendiari buelta osoa eman behar izan genion azken aldapa gogorra igo arte. Gainera momentu hortan euria ere hasi zen eta sira jantzi behar izan genuen. Azkenean Apuko gaina harrapatu eta azken jeitsiera helmugara. 

Iñakiren laguntzaz askoz errazago egin nituen azken kilometro hauek eta helmugara biok batera iritsi ginen Aran, Leire eta Ainhoaren txalo artean. Guztira 12 ordu eta 27min eta 9 segungu behar izan nituen ibilbide gogor hau egiteko eta sentsazio oso onak ez nituen eduki arren gustora gelditu nintzen leku berriak ezagututa. Argider jada dutxatuta zegoen eta Luis eta Peitto pixka bat atzerago etorri ziren. Dutxatu, indarrak hartu (makarroi platerkada) eta hiru taldekideak Oñatira etorri ziren. Aran eta ni Mutrikuarrekin geratu ginen, Nekane helmugaratzen ikusi, sari banaketa ikusi eta paella bikaina dastatzen.

Horrelaxe ba Apukoko Ultratrail-aren lehen edizioa. Laburbilduz, antolakuntzak asko hobetu behar duela iruditzen zait ( errespetu guztiarekin, lan asko bait dago lasterketa honen atzean), eta Bilbo inguruan ez nekien horren mendi politak zituztenik, benetan oso paisaia ederrak. Eta ea datorren urterako mendi lasterketetan "zintak" edo markak kentzen dituztenak bakea ematen duten!



Eibartarrek eginiko bideo bat:


Ta hurrengo erronka Hiru Haundiak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario