2012-05-11

SAKANAKO IBILALDI HANDIA 55Km


Apirilaren 28an Irurtzunera joan ginen Luis, Aran eta Iker Sakanako martxa egiteko asmotan. Goizeko 4:15etan Oñatitik irten, Irurtzunen txartela hartu eta 5:50 inguruan gertu geunden irteerarutz joateko. Azken 15 egunetan euri asko eginda zegoen eta ibilbidean zehar lokatza asko egongo zela bagenekien. Horrez gain larunbaterako oso eguraldi txarra iragarrita zegoen, euri askorekin eta tenperaturen jeitsierarekin eta kotxean gindoazela aterri egon zen arren, goizeko 6:00etan irteera ematearekin bat hasi zen euria, eta nola hasi gainera!!!
Luis eta Iker aurrera joan ginen martxa erritmo bizi baten egiteko baina lehenengo km-tan bota zuen euriarekin eta ibilbidean ikusi genuen lokatzarekin, beste era batera ikusi genuen mendi martxa eta pixka bat motibazioa galtzeaz gain, lasaixeago hartu genuen. Aran atzerago zetorren, hau ere busti bustita eta giro horrekin 55km egiteko animo gutxirekin.
7.kilometroko Txurregiko igoera gogorraren ondoren eguraldiak atseden bat eman zigun eta 2-3 ordutan euri gutxi egin zuen. Txurregiko jeitsiera kontuz egin beharrekoa zen, harri guztiak lokatzaz beterik zeudelako eta kilometro gutxi barru lehen anoa postura iritsi ginen. Hemendik aurrera igoera lasai baina luze bat egin behar genuen San Donatoraino eta tarte horretan Euskal Herriko erdigunea den puntutik pasa ginen. San Donatoko ermitan "txartela" sinatu eta hoztu aurretik beheranzko bidea hartu genuen. Hasiera nehiko lasaia zen baina ezkerretara hartzen den momentutik jeitsiera asko gogortzen da, denbora gutxian Uharte Arakilera iritsiz. Hemen salda beroa eta txokolate apur bat jan eta Aralargo San Migel ermitarako igoera hasi genuen. Igoera oso polita da eguraldi ona dagoenean, baina euririk egin ez zigun arren, paisaiaz gutxi gozatu ahal izan genuen.
Ordubete inguruan iritsi ginen Luis eta Iker 32.kilometroan kokaturik zegoen San Migel-eko anoa postura. Gazta eta txorixo apur bat jan eta hoztu aurretik mugitzea pentsatu genuen. Puntu hontan banandu egin ginen, Luis gogor zegoen eta aurrera egitea erabaki zuen eta Iker berriz atzerago zetorren Aranen bila abiatu zen Uharte Arakil aldera berarekin azken 25 kilometroak egiteko. Uharte eta San Migel arteko bide erdian elkartu ginen Aran eta Iker eta Kepa Larrearen konpañian azken maldak igotzeari ekin genion. Azken 15minututan gogotik hasi zen euria berriz ere eta ermitara bustita eta hotzak iritsi ginen. Zerbait jan, arropak aldatu eta Madoz-erako jeitsiera hasi genuen. Euria gogor ari zuen eta ze lokatza guneak pasa genituen!!! Lurrera ez erortzea edo zapatila lokatzatan ez galtzea zaila zen eta goitik behera lokatzara errekak zeudenez oso kontuz jeitsi behar izan genuen.
Madoz-era taldetxo batean iritsi ginen Aran eta Iker eta bertan esan ziguten Trinidadeko azken igoera moztu egin zutela jeitsiera arriskutsu zegoelako. Luisekin telefonoz egon nintzen eta bera Trinidad igotzen ari zen, bera pasa zenean oraindik moztu gabe zegoelako. Orduan guk azken igoera txiki bat igo eta berriz ere Irurtzuneko frontoiruntza joan ginen eta Luis berriz 3. ermita igota iritsi zen frontoira.
Azkenean Luisek ibilbidearen 55km egiteko 9h50minutu behar izan zituen eta Aran eta Ikerrek ibilbide moztuaren 51km egiteko 10h55minutu. Laburbilduz goiz jaiki, eguraldi txarra izan eta lokatzaz beteriko ibilbide bat izan arren, hirurok gustora amaitu genuen egindako ibilaldiarekin.

Argazkiak edo martxako denborak: http://www.iratxo.galeon.com/irateusk.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario