2012-03-08

ALOÑAKO IGOERAREN HAUSNARKETA ARGIDER ISASTIREN AHOTAN

Aurten ere urteroko legez heldu da Aloñako Igoerako azken txanpa. Urteroko legez, jendea gogotsu dabil, ahalegin guztia egiten gabiltza dena bikain atera dadin eta korrikalari guztiak goza dezaten gure lasterketaz. Egia da ibilbidearen gainean denetik entzun behar izaten dugula….batzuk motza dela, gogorragoa beharko lukeela, beste batzuk berriz jaitsiera bortitzegia dela, inoiz baino agujeta handiagoak izan zituztela iaz,….

Nik uste sarritan lasterketak ibilbidearen luzera eta altuera metatuagatik sailkatzen ditugula gogortasun mailan, eta hori ez da guztiz horrela. Ni neuk mota guztietako lasterketak egin izan ditut, krossak, asfaltoa, maratoi, erdi maratoi, ultra, ironman, eta bestelakoak ere, eta benetan diot lehen aipaturiko luzera, altuera metatu horri, 3. faktore bat erantsi behar zaiola: mentalidadea.

Askoz gogorragoa izan daiteke Aloña bezalako lasterketa baten guztia ematera irtetzea, maratoi bat lasai lasai bukatzera joatea baino. Muskularki egin beharreko esfortzua ikaragarria da, askotan ez gara konturatzen baina halaxe da.

Haserako urteetan geure artean ere hitzegin izan dugu honen gainean, ia guztiok lasterketa luzeen zale izanik, ibilbidea luzatu eta guretako gustoko izango litzatekeen ibilbidea egitea. Baina horrekin Aloñako Igoerako espiritua galduko litzateke, Aloñako Igoerak ezer berezirik badu, bertan sortzen den giroa da eta! Zegama Azkorri-n bakarrik ikusi izan dut horrelako jendetza korrikalariei “pasiloak” egiten, igarotzean ileak tente jartzen zaizkizun bide horiek. Aloñan ibilbidea motza eta zati batean igoera eta jaitsiera bera izanik, jendea hor pilatzen da eta korrikalaria denbora guztian jende artean animoak jasoz doa.

Bestalde, ibilbidea motza izanik, lasterkari berriak eta mendian probatu nahi duen jendearentzako aproposa da, gehiegi estutu gabe ibilbidea egin ahal izateko. Lasterketa sortu genuenean hori baitzen helburu nagusia, jendea lasterketa mota hauek probatzera animatzea.

Baina hasierako helburu hau alde batera utzi gabe (badakit aurten bertan Oñatiar neska talde polit bat gogor entrenatzen dabilela bertan debutatzeko), Aloñako Igoerak beste aurpegi bat ere erakutsi digu, inork ezin du mendiko lasterketak egiten dituela esan Aloñan debutatu gabe, ez dut beste inon ikusi gorputzaren limiteak hain puntara eramaten, hanka azpiak azal gabe gorputzaren zama eutsi nahi horretan, gihar guztiak aste guztirako minduta, bihotza ahotik atera beharrean,…Irabazlea bera ere helmuga zeharkatu eta lurrera erortzen ikustea…..ez da edozein lasterketetan ikusten (Ionut Zinca bera). Aloña, debutatzen dutenen paradisu edo gehiegi estutzen dutenen infernu bilakatu daiteke, hemen ez dago deskantsurik, ez dago arnasa bueltatzerik, ez dago “km de relleno”-rik, hemen guztia da denbora ateratzeko ibilbidea, gogorrenak luzitzeko ibilbidea, eta ahulenak infernuko ateetan sentiarazteko ibilbidea!!

Aurtengoan gainera Mountain Running International Cup-eko proba izanda partaidetza haundiagoa espero da; 300pertsonako kupoa azkar betetzeko arriskua izango da, eta polita izango da Zinca, Becerra, Etxegarai, Olabarria eta beste hainbat izen ezagun, atzerritar hoberenekin leihan ikustea. 

Parapente lasterketa ere iada martxan da, eta aurreko urtean ez bezala aurten luzitzeko aukera izango dutela espero dugu .

16km gutxi direla iruditzen bazaizkizu,….zatoz infernura eta ikasiko duzu 16km sugarren artean luze egin daitezkeela!!

WELL COME TO HELL!!!


No hay comentarios:

Publicar un comentario