2012-04-02

ECOTRAIL PARIS 80km 2012 - TRANPAZ BETERIKO IBILBIDEA

Abenduan izan genuen proba honen barri eta 4 oñatiar inskribatu ginen 80 km-ko lasterketara, Aran, Iker, Maite eta Igor. Paris inguruan mendi handi gutxi dagoen arren, ibilbidea inguruko baso eta parkeetatik igarotzen da. Irteera Saint-Quentin en Yvelines-en kokatua dago eta gora behera asko dituen ibilbidearen ondoren helmuga Eiffel dorrearen lehenengo pisuan dago. 1500 metro positiboko desnibela du, 13 orduko denbora limitea eta 2000 korrikalari izan ginen irteera puntuan.
3 hilabetetan gora-behera asko izan dituen prestaketaren ondoren Martxoaren 23an abiatu ginen Biarritzetik Parisera. Behe lainoagatik ordu eta erdi atzeratu zen hegazkinean Pariseko aireportura iristean bertako tenperaturak arreta deitu zigun. Bagenekin 4 egunetarako eguraldi ona iragarrita zegoela, baina garai hauetarako bero egiten zuela iruditu zitzaigun. Ostiraleko eguna nekagarria izan zen, lehenengo hegazkina, gero trena eta azkenik metroan, eguardirako iritsi ginen gure hotelera. Bazkalostean eta atseden baten ondoren Eiffel dorrearen azpian kokaturik zegoen karpa handira joan ginen metroz. Dorsala hartu, azken dudak galdetu eta bertako postuetan erosketaren bat egin ostean goiz joan ginen afaltzera, ahal bezain laster motxila gertatu eta atseden hartzeko.
Larunbatak giro bikainarekin argitu zuen eta irteera eguardiko 12etan zen arren goizean goiz jaiki ginen indarrak hartu eta irteerarako bidaia egiteko. Lehenengo metroz, gero trenez eta azkenik autobusean ordubete inguruan iritsi ginen irteera puntura eta 10:30ak inguru zirenez ordu eta erdi inguru genuen zerbait jan eta arropa egokia aukeratzeko. Arropa aldetik ez zegoen dudarik, fraka motzak eta niki manga motza. Motxilan ere aldatzeko arropa gutxi, iluntzean ere ez zuela hotzik egingo pentsatuz. Hala ere motxilak bere pisua hartzen du jana, ura eta derrigorrezkoak diren gauzak sartuta. Nahi ez genuen erropez beteriko motxila antolakuntzari eman eta irteera gunera sartu ginen 11:40ak inguruan. Nahiko aurrean postu bat hartu genuen gero irteeran  izan zitezkeen arazoak ekiditeko eta azken estiramentuak eginez ordua noiz iritsiko egon ginen.
Eguerdiko 12etan puntuan eman zitzaion irteera lasterketari eta hasieran zelai zabal bat zegoenez, jende ugarik aurreratu gintuen. Buelta txiki bat eman ondoren berriz ere irteeratik pasa ginen eta golf zelai baten ondotik pasatzen den eta laku haundi bat inguratzen duen pista estu batetik joan ginen. Lehen 10 km-ak lauak ziren eta 22. kilometroan kokaturik zegoen abituailamenturarte ere ez zegoen gora behera askorik. Korrika egiteko kilometro aproposak ziren eta denbora limiteari aldea kentzeko egokiak, baina bestalde erritmoz pasatzearekin kontuz ibili beharrekoak. Hasieran laurok batera irten ginen arren, lehendabizi Maite eta Igor aurreratu ziren eta ondoren Aran eta Ikerrek harrapatu eta pixka bat aurreratu ginen.
22.kilometroan kokaturiko Buc-eko abituailamentura 2h 30min inguruan iritsi ginen laurok eta 1500 postuaren inguruan genbiltzan. Giro bikaina zegoen bertan, jente ugari, musika talde batek giroturiko musika eta jan eta edana. Motxila urez bete eta oinez joan ginen pare bat kilometro aldean genuen sandwicha janez. Igor eta Maite zertxobait atzerago zetozen, baina minutu gutxi batzuk.
Lasterketaren gakoa bigarren parte hontan zetorren. 22. kilometrotik 55.eraino ez zegoen abituailamentu posturik, 45.eko ur postu bat izan ezik eta gainera ibilbideak gora behera asko zituen. Bero handia egiten zuen eta zuhaitzek eguzkitik babesten gintuzten arren tenperatura altuak asko nabaritzen ziren eta ur asko edan beharra zegoen. Ibilbidea ere asko gogortu zen, perfilak aldapa asko ez dagoela jarri arren eta desnibel positiboa handia ez izan arren, aldapa gogorrak zeuden, motzak baina gogorrak. Igoerak oinez egiten genituen eta jeitsierak korrika. Jada beroaren eragina nabaria zen eta behar baino azkarrago irtendako korrikalari asko ikusten ziren bide izkinan jarrita.
 
6h eta 40 minutu inguruan iritsi ginen Aran eta Iker, Meudon-en 45. kilometroan zegoen ur postura. Jende asko zegoen bertan atseden bat hartu eta zerbait jaten. Guk ere 10-15 minutu egin genituen indarrak hartzen, oraindik 35 km gelditzen baitziren. Atsedena hartu eta irtetzera gindoazela bestaldean Maite eta Igor zeudela ikusi genuen, ehun bat korrikalaritik gora egongo ginen bertan. Beraiek indarrak hartu bitartean guk aurrera jarraitu genuen denbora gehiegi galdu barik. Meudoneko obserbatorio hau oso leku polita zen, bista politekin eta asko falta zen arren lehenego aldiz ibilbidean Eiffel dorrea ikusi genuen.

Meudonetik irten eta 10 km genituen hurrengo abituallamenturarte, paisaje ederraren ondoren berriz ere basoan sartu ginen. Kilometro hauetan aldapak gutxitu egin ziren eta erritmo oso onean joan ginen, aldapak oinez eginez baina bestela ahal zen tarte guztietan korrika eginez. Eguzkia bazijoan eta basoan iluntasuna geroz eta nabarmenagoa zen. 7h eta 40minututan, hau da, arratsaldeko 19:40an iritsi ginen frontala jarrita Chavilleko abituallamentura. Bertan jente asko zegoen baina guk 45. kilometroan ondo jan genuenez ura hartu, platano bat jan eta aurrera jarraitu genuen. Gaua zen arren ez zuen hotzik egiten eta momentuz erropa gehiagorik ez jaztea pentsatu genuen. Maite eta Igor 10 minutu beranduago iritsiko ziren bertara.
Hemendik aurrera ibilbideak aldapa batzuk zituen arren, aldapa gogorrak gutxitu egin ziren eta erritmo bizian jarraitu genuen aurrera. 63.kilometroan parke haundi batean sartu ginen eta 67.ean iritsi ginen azkenengo abituallamentu postura, Domaine national St-Cloud-era. Bertan 9h eta 25minutu generamatzan eta oso gustora, hanketan 67km eraman arren. Postuari dagokionean atzetik aurrera gindoazen eta 22.kilometroan 1500. bagindoazen ere, karrera amaitzeko 13km faltan 1197.ak ginen. Hemen era ura bete, Coca-Cola edan, zerbait jan eta aurrera joan ginen, Sena ibaiaren bila. Igor eta Maite 9h eta 55 minutuan iritsi ziren eta laurok geunden lasterketa amaitzeko bidean, denbora limitearekiko tarte handiarekin eta gehiago ateratzen. Jada Eiffel dorrea argiztaturik zegoen eta gero eta gertuago ikusten genuen.

Beste 3 bat kilometrotan parke hontatik irten ginen eta Sena ibaiaren ertzera iritsi ginen. Jada 70. kilometroa zen eta falta ziren azken hamar kilometroak asfaltoan izango ziren. Sena ertzean itsasuntzi asko zeuden eta bertan festa ugari eta gu dorsala bularrean eta frontala buruan dugula! Batzuk asko animatzen zuten eta beste batzuk arraro begiratzen ziguten. Indartsu iritsi ginen azken kilometrotara eta korrika dexente egitea lortu genuen; poliki baina gelditu gabe. Helmuga gero eta gertuago ikusten zen; baita Pariseko zubi dotoreak ere.
10h 54minututan, gaueko 22:54ean, Pariseko Eiffel Dorrearen aurrean geunden eta animo asko jasoz eta bertan dagoen podium batetik pasaz, dorreak dituen 4 hanketako batera bideratu ginen. Jendeak benetan animatzen zuen eta jada helmuga gure eskutan zegoen, baina dorreak lehenengo pisurarte dituen 300 eskailerak igotzea falta zen. Poliki-poliki igo genituen eta 5 minututan goian geunden, argiztaturiko Eiffel Dorrean, alfonbra gorriaren hasieran eta 80 kilometroko ultratrail bat bukatzear. Gozatzeko momentua zen eta azkenean 10h 59 min 08 seg egin genituen. Argazkiak atera, "finisher" oparia hartu eta momentuaz gozatu genuen.



Bitartean Maite eta Igor Sena ibaiaren inguruan zebiltzan. Gaueko 23:38an Eiffel dorrearen oinetara iritsi ziren eta beste 5 minututan helmugara. Guztira 11h 44 min 11 seg behar izan zituzten ibilbidearen 80km egiteko.
Laurok argazki batzuk atera eta igogailuan beherako bidea hartu genuen. Gaueko hamabiak inguruan antolakuntzak jarritako karpan afaldu eta ondoren hotelerako bidea hartu genuen metroa itxi aurretik.
Zergatik tranpaz beteriko ibilbidea? Hasteko lehen 2 kilometrotan zelaian zeuden zuloengatik, orkatila guztientzako arriskutsuak. Bestalde lehen 22 km-tan oso kontuz ibili behar zen jarritako erritmoarekin. Korrika egiteko oso aproposak ziren, baina burua hotz mantendu behar zen 80 kilometrotako lasterketa zela kontutan hartuz. 35-45 kilometroen artean korrikalari asko ikusi genituen bide bazterrean eserita, etzanda edo oso erritmo motelean oinez ibiltzeko ia indarrik gabe. Azkenik perfilak laua zirudien arren eta 80 kilometrotarako 1500 metro positibo gutxi diren arren, ibilbidearen parte batek zuen gogortasuna aipatzekoa da. Lehen 22 km-ak eta azken 12ak lauak ziren arren, 22.etik 55.erako zatia gogorra zen, aldapa motzak baina gogorrak ziren eta denbora guztian erritmoa mozten zuten.

Parisera etortzearen helburua beteta zegoen eta laurok arazo fisiko txikiren bat genuen arren, pozik eta gustora geunden egindako lasterketarekin. Igandea eta astelehena Parisen turismo apur bat egiteko aprobetxatu genuen eta astelehen iluntzean berriz bueltan etorri ginen; lehendabizi Biarritzera eta ondoren etxera.


Iker Agirrebalzategi

No hay comentarios:

Publicar un comentario